XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

30. Oturuntza Nola ez, udaletxean ospatu zen Kaiserraren ohoretan. Aurreko egunetan mahaiak eta aulkiak ekarri genituen Biltzar aretora, eta dena paraturik zegoen.

Kaiserra, ni eta ohorezko laguntaldeko gainerako gizonak geunden mahaian eseri zen.

Jarraigoa alboko mahai batetan eseri zen, Markako gainerako hiritarrekin batera.

Eseri bezain laster, Kasketa andrea, Margaret eta beste sei emakume etorri eta koilareak banatu zituzten.

Ondoren mahai bakoitzean plater handi bete batzuk banatu, on egin diezazuela esan eta atera ziren.

- Zer uste du Berorrek galdegin zion alkateak Kaiserrari, zer dela paratu dioguna? Seguru, askotan jartzen ez dioten jaki bat dela. Ezetz asmatu?.

- Nola asmatuko dut ba?- erantzun zion Kaiserrak.

Orduan Jonathan jaunak, harro, tapa kendu zion platerari.

- Hartu usaina!- eskatu zion.

Kaiserrak asmatu nahirik usaina hartu zion, baina berehala aitortu zuen jakia ezezaguna zitzaiola.

- Ez dut egundo halakorik jan! - Hala hobe! - erantzun zion Jonathan.

Gatzura zopa da, ogikozkorrekin.

Zopatan igerian dabiltzen ogikozkor zuriak Berorrentzat dira.

Beltzak, ordea, guretzat.

Ez lotsarik izan, jaun maitea, eta hartu lasai!.

Kaiserrak erantzun zion: - Ez dut ezagutu halako gatzura zoparik, baina gustora probatuko dut. Non da nire platera?.

- Guk, Markatarrok, zopa guztiak plater beretik jateko ohitura dugu - esan zion Jonathan jaunak.